XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alfabetatze eta euskalduntzearen prozesua hizkuntz normalkuntzaren ildotik (1940-1992)

Paulo Iztueta (EHUko irakaslea)

Sarritan, nazio-arazoa bizi ez duen arrazoi akademikoak ez baitu ulertzen zertan datzan euskarazko kulturaren barruan bilakatuz datorren alfabetatze eta euskalduntzearen espezifikotasuna, etxekoari alferrikakoa baderitzo ere, haizu bekit lehen kontzeptu-mugaketa egitea.

Alfabetatzea eta euskalduntzea, gure kasuan, euskarak bere berreskurapen-ahaleginean inplikaturik daraman prozesu bat-beraren hizkuntz gertakari bikoitza da, aldi berean, desberdindua dena baina bateratua.

Hizkuntzen ikasketa eta alfabetatzea, orotara hartuta, beste hizkuntzetan ere ematen da, biak gehienetan eskolatzearen bidez gauzatzen direnak, bereziki hizkuntza nazionaletan.

Euskarak arrazoi aski jakinengatik menerapen historikoa nozitu bait du eta, ondorioz, eremu sinboliko handiak galdu bait ditu, herri menperatu bati dagozkion konnotazio espezifikoak janzten dituzte gurean bi kontzeptu horiek.

Horregatik, euskararen berreskurapenaz dihardugularik, erbesteratua dagoen hizkuntza herriratzeaz hitz egin ohi da, aditzera emanez, batetik, alfabetatzea eta euskalduntzea osoki hizkuntz normalkuntzaren plangintzan sartzen direla eta, bestetik, hizkuntz plangintza horrek corpusarenak nahiz status-arenak, osoa izan dadin, proiektu nazionala eskatzen duela.